Martxora arte egon liteke itxita Lizarrako ospitaleko erditze zerbitzua

Maialen Huarte Arano 2023ko abe. 12a, 10:15

Osasun departemantuko kideak Fernando Dominguez buru zutela atzo batzartu ziren Lizarraldeko arduradun politiko eta osasun arloko profesionalekin. Osasun kontseilariak ez zuen argitu noiz berrabiaraziko duen erditze zerbitzua Garcia Orkoien erietxean baina epemuga martxoan jarri zuen. Zonaldeko politikariek "lasaitua" hartu dute Dominguezen azalpenen ondotik, baina lehenago egoeraren berri jaso ez izanagatik kexu ere azaldu ziren. 

Atzo batzartu ziren Nafarroako Osasun departamentuko arduradunak Lizarraldeko politikari eta osasun arloko profesionalekin Garcia Orkoien ospitalea bizitzen ari den egoeraren berri elkarrekin izateko. Osasun kontseilari Fernando Dominguezek azaldu zien egoerak hala eskatuta hartutako erabakia izan dela erditzeak Iruñera zien Tuterara bideratzea eta ahalik eta azkarren baina batez ere berme eta segurtasun guztiekin berrekinen zaiela erditzeak atenditzeari Lizarran. "Ez genuke nahi zerbitzua berrezarri eta hemendik epe motzera egoera berdinean egon", esan zuen Dominguezek. Hartara, profesional berriak kontratatzen eta egoera aztertzen ari direla azaldu zien. 

"Inola ere ez da asmorik ospitalea hustutzea eta erditze unitatea desagerraraztea", jakinarazi zien. Orain, egoera berrantolatzen, profesional berriak kontratatzen eta berriz ere halako egoerarik gerta ez dadin lanketa egiten ari direla esan zuen. "Behin berriz ere zabalduko dutelarik segurtasuna, kalitatea eta bermea izanen dituela jakinda zabalduko dugu", adierazi du Dominguezek.

Lizarraldeko alkateek "lasaitua" hartu zuten kontseilariaren hitzak entzunda, baina gustatuko litzaieke azalpen horiek lehenago iritsi izan balira. Ostegunean Nafarroako Parlamentura joanen da Dominguez Osasun kontseilaria azalpenak ematera; ostegunerako osoko bilkurara zenbait galdera eramanen dituzte bai Geroa Baik zein EH Bilduk ere. Aurretik, atzoko Mahai eta Eledunen batzarrean ere Lizarrako erietxean gertatzen ari denak kexak agerian utzi zituen alderdien artean.

Mila lagunek eskubideak galdegin dituzte

Kalean berriz jendetza atera zen protestara. Funtsezko zerbitzu baten alde erditze zerbitzua ez itxi zioen pankartaren atzean batu ziren bizilagunak. Kexu daude oinarrizko eskubide bat urratzen ari zaizkielako eta berehala zerbitzua kalitatez eta ziurtasunez berrezartzea eskatzen ari dira. "Ez da posible erditze baterako 80 kilometroko bidea egin behar izatea, eta gainera, ez presezki bide zuzena", adierazi dute bertaratutakoek. Emakumeen eskubideak errespeta ditzatela eskatzen ari dira. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!