Puntu bat eta gaitzerdi. Erran nahi baita, lehen zati negargarria egin eta gero, bigarren zatian berdinketa behintzat erdietsi zuela Osasunak Mirandilla berrian.
Aurkariaren gola, beste behin ere, hegaleko erdiraketa batetik etorri zen. Rogerrek, gainera, area txikiaren barruan eta bigarren zutoinean egin zuen errematea. Beraz, defentsan zigorrek eta lesioek eragindako aldaketa ugariek ez zuten hobekuntza nabarmenik eragin. Nolanahi ere, aipatzekoa da Unai Garciak aspaldiko partez partida ofiziala jokatu zuela. Hasieran urduri baten ondotik, sendo jardun zuen.
Bigarren zatian, gorritxoen berpizkundea iritsi zen, besteak beste, Iker Muñozek Torroren tokia hartuta taldearen gidaritzan. Muñozen lemapean hainbat abagune argi sortu zituzten. Dena dela, berdinketaren gola penalti eztabaidagarri batien eskutik heldu zen. Chimiy Avilak area barruan buruz egindako errematea kanpora zihoan. Baloiak defentsa baten eskua doi-doi ukitu zuen. Eta VARak penaltia adierazi zuen.
Arrasate argi mintzatu zen norgehiagokaren amaieran: berarentzat ez luke penaltia izan beharko, baina egungo arautegiaren arabera halakoetan penalti adierazi behar da. Budimirrek, beste behin ere, 11 metrotik asmatu egin zuen. Eta, norgehiagokako azken jokaldian, Sergio Herrerak geldiketa bikaina egin zuen.
Gorritxoek gaur hamar eta erdietan entrenamendua dute Taxoaren. Bihar, jai eguna. Ostiralean, gaueko bederatzietan, Sadarren, Rayo Vallecanoren aurka jokatuko dute.