%6.65ekoa da administrazioan lanpostu berdin berdinetan lan egiten duten gizon eta emakumeen arteko aldea. Datua LAB sindikatuak eman du argitara, gaur goizean egindako elkarretaratzean. Baina arrakala sakonagoa da, soldatez harago doana. Administrazioko plantillako langileen %71a emakumeak diren arren, "Administrazioan burutzaren bat duten emakumeen ehunekoa ez dator bat plantillan dugun benetako pisuarekin" azaldu du Inma Zestao LABeko bozeramaleak, "Gainera, emakumeen presentziak behera egiten du erabakimen mailak gora egin ahala".
Azaroaren 30eko greba feministak zaintza lanak erdigunean jarriko ditu eta administrazioko langileek ere badute horretan zer esana. "Txostenean, orobat, adierazten da behin-behinekotasun tasak gehiago eragiten digula guri gizonei baino" adierazi du Zestaok, "Emakumeok gehiagotan jotzen dugu gainera kontziliazio neurrietara".