Elkarretaratzea egin dute familiek Iruñeko Udal plazan. Haur eskolak euskaraz nahi dituztela esan eta datorren ikasturtetik aurrera Mendillorri, Printzearen Harresi eta Donibane haur eskolak euskarazko eredua eskaini dezaten galdegin diote Udalari. "Egun 0 eta 3 urte arteko etapari haur eskola bakarra eskaintzen zaio murgiltze ereduarekin. Horrek ez du asetzen eskari guztia", salatu dute. "Hamaikagarrenez eskatzen diogu udalari, gure aldarriari jaramonik egiten ez diolako eta hamaikagarrenez elkartuko gara gure haurrek bizitza euskaraz egin dezaten", adierazi dute.