Ikastolako irakasle eta ikasle ohi batek lankidetzan eta txantxa artean aurkeztu dute
sorpresaz beteriko ekitaldi hunkigarri eta entretenigarria. Asmoa Zangozaldean Nafarroa
Oinezen mezua zabaltzea eta aurrean daukagun urte osoan zehar lan egiteko eta
disfrutatzeko gogoak piztea izan da. Hau baita aurtengo leloa: Piztu! Bidaiarekin hasteko, Ikastolako lehendakaria den Carlos Arcelusek eta Zuzendaria den Nagore Oriak ipuin hunkigarri batean murgildu gaituzte ikastolako ibilbide guztia irudien bitartez gogoraziz. Ondoren, aurtengo Nafarroa Oinezen helburuak azaldu dituzte defileaz baliatuz eta honetan Zangozaldeko hainbat kolektibok izan dira protagonista.Nora abesbatzaren Txoria-txorikantuak bihotzak ukitu ondoren, helburuen aurkezpenari ekin diote.
Piztu baliabideak
Hiru Nafarroa oinez antolatu ditu Zangozako Ikastolak orain arte eta haiei esker ikastola
garatzen joan da. Euskalzaleon saretzeak eraman izan ditu aurrera ekimen hauek.
Piztu energia berriztagarriak. Desfilearen zati honetan herriari energia berezia ematen dioten taldeek hartu dute parte, gure herriko energia Pizten dituztenak: kirolarekin lotuak daudenak, musikarekin lotura duten taldeak, energia bukatzen ez zaienak, energia berezia dutenak, energia morea bidaltzen digutenak…
Piztu auzolana
Auzolana ikastolen identitate da eta Zangozako ikastolaren oinarri. Guztion elkarlanik
gabe ezingo lukete orain dauden lekuan egon, ezta Nafarroa Oinez antolatu ere.
Eguneroko auzolana da.
Piztu euskara eta kalitatezko hezkuntza
Zati honetan urteetan Zangozaldean euskara sustatu eta ikusarazten duten elkarteek
hartu dute parte. Herrietan euskara bizirik mantentzen duten elkarte txiki baina
indartsuak, inguruko anai-arreba diren ikastolak baita kalitatezko hezkuntza musikala
herriari eskeintzen dion musika eskola ere. Ikastola osatzen duten hiru zutabeak irudikatu dituzte desfilearen azkeneko zatian, guraso, langile eta ikasleak. Jantzita arropa eta material dotoreak ikusi ahal izan dira desfile osoan zehar, adin eta tankera guztietarako egokiak. Guztira, zonaldeko talde eta kolektibo desberdinetako 150 pertsonek hartu dute parte desfilean. Azkenik, Zangozaldea saretzen eta Zangozako ikastola eraikitzen jarraitzeko gonbitea igorri dute. Jaialdiarekin amaitzeko 2024ko Nafarroa Oinez auzolanean eraikiko dela gogoarazi dute eta herria batzordeetan parte hartzera gonbidatu dute, eskerrak emanez. Jaialdira 400 pertsona baino gehiago bertaratu dira.