Futboleko atsotitz ezagun baten arabera, barkatzen duenak larrutik ordaintzen du. Esaera zahar hori bete egin zen atzo Zeramikaren futbol zelaian.
Osasuna Villarreal baino askoz gehiago izan zen lehen zatian. Eta, gutxienez, lau gol aukera argi eduki zituen. Alta, laurak kale egin zituen.
Bigarren zatian, Sergio Herreraren atera egindako lehen jaurtiketan, Moralesek Villarrealen lehen gola erdietsi zuen, eta ordutik aurrera norgehiagoka zeharo aldatu zen.
Atzora arte ligan golik sartu gabea zen Moralesek atzo hiru sartu zituen. Villarrealek atera egindako hiru jaurtiketak gol izan ziren. Beste datu estatistiko adierazgarri bat: liga hasi zenetik, Osasunaren atera egindako jaurtiketen erdiak gol bihurtzen dira.
Atzo Catenak korner batean sarturiko bi eta batekoak ez zuen deuserako balio izan. Bere zein aurkariaren arean oso ahul ari da Osasuna, eta hala Lehen Mailan partiduak irabaztea oso zaila da.
Larunbatean, euskal derbia izanen da Sadarren, gaueko bederatzietan, Osasunaren eta Realaren artean.