A30 Greba feminista orokorra

Garbiñe Elizegi: "Landa eremuan emakumeek lurraren, herriaren eta komunitatearen zaintzan egin duten lana aitortu beharra dago"

Miren Mindegia 2023ko aza. 21a, 17:54

Zaintzen errealitateak ezaugarri zehatz batzuk ditu: sektore feminizatua da, prekarioa, arrazializatua eta onarpenik gabekoa. Landa eremuan, alta, ezaugarri orokor horiei aldagai bereizgarri batzuk gehitu behar zaizkiola azpimarratu dute eremu honetako mugimendu feministek. 

Landa eremuan, zaintzen gaia lurraren, herriaren eta komunitatearen zaitzarekin zerikusi zuzena du, Garbiñe Elizegi Baztango Mugimendu Feministako kideak argitu moduan. Azaroaren 30erako deitutako greba orokorraren aldarriekin bat egiteaz gain, landa eremuko emakumeek euren errealitateaz hausnartzeko parada izan du. "Landa eremuan, mendeetan zapaldua izan den kultura eta hizkuntzaren transmisioan eta zaintzan eragile garrantzitsuak izan gara eta gara gaur egun ere. Gure kultura, hitzkuntza eta bizimodua bizirik mantentzeko ezinbertzeko lana egin dugu". 

Sistema kapitalistaren itzalpean, "sostengarriak eta burujabeak" diren baserrien lan zama handiena euren gain hartzea edo baserritik atera eta bigarren lanbide bat bilatzera behartzen ditu emakumeetako asko. Lan horiek lan feminizatuak izan ohi direla azpimarratu du Elizegik, soldata baxukoak eta zaintzarekin lotutakoak. Beste eremuetan bezala, zaintzarekin lotutako lanaren sektorea sektore arrazializatua da herrietan ere: "Migratutako eta arrazializatutako emakume ugari daude landa eremuan egoiliar moduan lanean. Hiriguneetako egoiliarren egoera sostengagaitz bera pairatzeaz gain, bakardadea eta saretzeko sailtasuna bizi dute". 

"Egoera honen aitzinean", borobildu du Elizegik, "Euskal Herriko landa eremuan zaintza sistema publiko komunitario bat eraikitzeko bidean, landa eremuak bizitza sostengatzeko duen garrantziaren aitortzatik abiatu behar dugu. Aitortza honek landa eremuko emakumeak bizitzaren defentsan egiten ditugun lan guztien aitortzatik pasatu behar du. Horretarako herri lurrak eta nekazaritza lurren banaketa, eta hiri eta herrien arteko baliabide publikoen bidezkoagoa den banaketa bat eman behar da, zerbitzu publikoak deszentralizatuz".

 

 

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!