A30 Greba feminista orokorra

Etxez etxeko zerbitzuak autonomia galdu dutenei gertuko arreta eskaintzeko aukera ematen du

Maialen Huarte Arano 2023ko aza. 21a, 08:44

Etxez etxeko arreta eskaintzen aritzen dira Jaione Elorza eta Estibaliz Irigoien. Sakanako Mankomunitateak kudeatzen duen zerbitzuko langileak dira. Zaintza lana gutxi baloratua dago gizartean oro har ez baikara ohartzen zer nolako garrantzia duen autonomia galtzen hastean adibidez pertsona bat ondoan izatea. Euren lana ikusarazteko baliatuko dute azaroaren 30ean deitua dagoen greba eguna. 

Euskalerria Irratian hitz egin dute etxez etxeko langile Jaione Elorza eta Estibaliz Irigoienek. "Gure lanak erraztu egiten die egunerokoa autonomia galtzen ari diren herritarrei", esan du Elorzak. "Eurekin etxeko lanak egitea bada gure zereginetako bat baina hori bezain garrantzitsua da pertsona horiei galdetzea ongi ote diren edo zergatik sentitzen diren triste", azaldu du. Haien ondoan pertsona bat izateak duen garrantzia azpimarratu du Elorzak: "Norbait ondoan izateak adierazten du norbaitentzako garrantzitsua zarela eta horrek autoestimuan eragin positiboa izaten du", dio. 

"Ezin dut ulertu nola hain gutxi baloratua dagoen zaintza", esan du Irigoienek. "Ez da horren erraza zaintza lana eskaintzea eta garrantzi handikoa da pertsona guztientzat", uste du. Izan ere, jaiotzetik eta hil arte izaten ditugu zaintza beharrak eta horiei dagokien begirunea ez eskaintzea ulertezina dela deritzo. "Greba eguna gure aldarrikapenak entzun daitezen baliatuko dugu. Zaintza lanak ikusarazi daitezen", diote. 

Entzun Jaione Elorzari eta Estibaliz Irigoieni Euskalerria Irratian egindako elkarrizketa argazkiak klik eginda. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!