Hasi eta buka, gehiago izan zen Altuna Etxeberria baino. Amezketarrak ederki asmatu zuen sakearekin hasieratik, eta erakustaldi taktikoa egin zuen, angeluak bikain zabalduz, aurkaria nahieran mugiaraziz.
Joko erauntsiak zenoztarra ito egin zuen. Nabaritu zen, nabaritu zenez, haren lehen final handia zela. Presioak eta horrek eragindako urduritasunak gaina hartu zioten: eskuinarekin sarri huts egin zuen, zalantzati ibili zen aurrera egiteko tenorean, ez zen txapelketako aurreko partiduetan ikusitako Etxeberria handiaren erdia izan.
Jokin Altunaren lau eta erdiko txapelketako laugarren txapela izan zen atzokoa. Beraz, Julian Retegiren parera iritsi da, eta soilik Aimar Olaizola du aurretik, zazpirekin.