A30 Greba feminista orokorra

"Haurra zaintzeko eszedentzia hartzeko hautuan ezinbestean dago sakrifizio batzuk egitea"

Maialen Huarte Arano 2023ko aza. 17a, 09:32

Zaintzak baditu milaka aurpegi. Horietako bat ezagutu dugu gertutik. Lehen pertsonan kontatua. Maitane Irurtzun bi haurren ama da. Bigarrenarekin ere lehenarekin egin bezala eszedentzia hartu dute. Aitak lehena, amak bigarrena. Zaintzara bideratzen du une hauetan bere denbora. Hori egiteko hautua egin du: "Nire soldata eta garapen profesionala alde batera utzi behar izan ditut denbora tarte batez haurra zaintzeko egin dudan hautuan". 

Zaintza hautu bat ere izan daiteke: "Zaintzari eskaintzen ari gara gure denbora ekonomikoki posible dugulako eta erabaki dugulako haien ondoan egon nahi dugula hazi eta hezteko", azaldu du Maitane Irurtzunek. 2019an izan zuen lehen alaba eta orduan haren aitak hartu zuen Libe zaintzeko baimena. Orain, 2022an izandako semearekin amak hartzea erabaki dute: "Aukera hori egiteak badakar sakrifizio bat: profesionalki nire garapena albo batean utzi dut tarte batez", azaldu du.

Zaintza bizitzaren hasieratik eta amaieraraino beharko dugula gizakiok argi dagoela dio Irurtzunek. Hartara azaroaren 30ean asko dago aldarrikatzeko: "Hezkuntza alorrean egin behar diren aldaketak asko dira", uste du. Izan ere, zaintza lanak horren feminizatuak nahi ez baditugu txikitatik erakutsi behar da denon ardura direla: "Hezkidetza eta baloreak landu behar dira haurretatik hasita. Baina ez hori bakarrik: administraziotik ere zaintza ahalbidetzeko aldaketa asko etorri behar dira", dio. Aldaketa oinarritik hasita etorriko dela iruditzen zaio. 

Entzun Maitane Irurtzuni Euskalerria Irratian egindako elkarrizketa argazkian klik eginda. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!