Nafarroako toki entitateek emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako "konpromisoa" berretsi dute

Bidane Beloki Ezker 2023ko aza. 15a, 11:00

Kanpaina baten bidez, interpelazio zuzena egiten zaie adin guztietako gizonei, konpromisoak har ditzaten eta emakumeen aurkako indarkeria mota guztien aurka aktiboki ager daitezen. 

Nafarroako toki entitateek emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako borrokarekiko "konpromisoa" berretsi dute ‘Ikusten duzu? Geldi ezazu!’ lelopean. Azaroaren 25ean emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako egunerako sentsibilizazio kanpaina abiatu dute Nafarroako 140 toki erakundek.

Emakumeen aurkako indarkeria eguneroko jokamolde askoren normalizazioaren bidez betikotzen da. Xabier Alcuaz Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko (NUKF) presidenteak berretsi egin du "toki entitateek duten konpromisoa genero indarkeriaren aurkako eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko borrokan".

Duela 24 urte Nazio Batuen Erakundeak emakumeen aurkako edozein indarkeria salatu eta desagerrarazteko ezarri zuen azaroaren 25a, eta egun, oraindik ere aldarrikapenak geroz eta beharrezkoagoak dira. Sexu askatasunaren aurkako delituen biktimen %84 emakumeak dira eta delitu horien arduradunen %96 gizonak. Baina Nafarroan kokatuta, datu kezkagarri gehiago ere plazaratu dituzte. Etxauriko alkate Idoia Aritzala Etxarrenek eman ditu datuak: Estatuko Fiskaltza Nagusiaren datuen arabera, Nafarroan 2022an %25 gehiago izan ziren sexu-askatasunaren aurkako auziak, eta %94 gehiago sexu-erasoak. Era berean, 16 urtetik beherakoen aurkako sexu-erasoak %166 igo ziren, aurreko urtearekin alderatuta.

Zifrek adierazten dute gizarteko arlo guztietan emakumeekiko indarkeria dagoela, eta aurten bereziki, sexu indarkerian jarri dute fokua. Kanpainak interpelazio zuzena egin nahi die adin guztietako gizonei, konpromisoak har ditzaten eta emakumeen aurkako indarkeria mota guztien aurka aktiboki ager daitezen. Azaroaren 25ean antolatzen diren jardueretan ez ezik emakumeen askatasuna baldintzatzen duten jarrerak agerraraztera dei egiten dute.  Altsasu, Sartaguda, Mañeru, Mendigorria, Oderitz, Erriberri, Antsoain… Guztira 140 toki entitatek egin dute bat adierazpenarekin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!