“Palestinako biktima errugabeei elkartasuna adierazteko” elkarretaratzea eginen dute gaur, 13:00etan, Volkawagen Nafarroako Lan Batzordeak deiturik, Landabengo lantegiaren aitzinean.
Lan Batzordearen asmoa protesta lan eremuaren barruan egitea zen, baina atzo VW Nafarroako zuzendaritzak oharra helarazi zien langileei, hori egiteko baimena ukatzen zuela jakinarazteko. Landabengo zuzendaritzaren oharraren arabera, elkarretaratze hori “politikoa” da, eta lantegiaren eremuan lan eta enpresa auzien inguruko protestak egin daitezke soilik.
Horren ondotik, zuzendaritzak bilera egin du Lan Batzordeko bost sindikatuekin: UGT, CCOO, ELA, LAB eta CGT. Jarraian sindikatuek ohar baten bitartez azaldu dutenez, VW Nafarroako presidente Michael Hobuschek ulertu du lan taldeak baduela aldarrikapenak egiteko eskubidea. Nolanahi ere, Hobuschek halaber esan die gai hau “sentsibilitate historiko handikoa” dela Alemanian, nazien judutarren aurkako holokaustoaren kontura, eta horregatik gerta litekeela Alemaniako zuzendaritzan ez ulertzea elkarretaratzea.
Lan Batzordeak gaineratu du indarkeria guztien aurka dagoela, “datozen lekutik datozela”, eta biktima errugabeen alde. Sindikatuen aburuz, zuzendaritzak beste ohar bat plazaratu beharko lukeela, lehendabizikoa zuzentzeko.