Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformak Espainiako Gorteetan ordezkaritza duten alderdiei igorri dizkie euren eskaerak. Eliza katolikoak bere izenean jarritako ondarea berreskuratu ahal izatea da plataformaren xedea eta hori borondate politikoa baldin badago egingarria dela iritzi du. Datozen asteetan osatuko da Espainiako Gobernua eta alderdiek euren programetan gaia txertatzea nahiko luke plataformak.
Gogoan izan dute, joan den legealdian Pedro Sanchezek konpromisoa hartu zuela beharrezkoak liratekeen aldaketak egiteko legean ondare hori berreskuratu ahal izateko. 1998. urtetik 2015erakoen zerrenda osatu zuten. Baina hori txiki geratzen dela diote, ez baitute araudian inolako aldaketarik egin eta urte tarte horretatik harago daudelako Elizak bere egin dituen ondarearen parterik handiena. Andres Valentin da Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformako kidea:
1946tik 2015. urtera arte Elizak bere izenean jarritako ondareen nota sinpleak eskuratzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari. Nafarroan horiek eskuratzeko aukera izan bada, Espainian ere egiterik izanen dela uste dute. 2019an lortutakoa oinarri hartuta aurrera pausoak eman ditzatela eskatu diete alderdiei. VOX eta PP ez beste taldeei igorri dizkiete euren eskaerak. Elizak aldebakartasunez bere egin dituenak herriarentzat jar daitezen lan egiteko eskatu diete gainerakoei.