Natur Zientzien V. Topaketa ospatuko da azaroaren 18an eta 19an Iruñean

Miren Mindegia 2023ko urr. 31a, 18:51

Azaroaren 18an eta 19an, Nafarroako Unibertsitate Publikoan Natur Zientzien V. Topaketa ospatuko da, UEUko Natur Zientzien saila eta Euskal Natura elkarteak antolatuta. 

Euskal Herriko naturguneak izanen da jardunaldiko edizio honetako mintzagai nagusia, eta horren bueltan ariko dira bertan bilduko diren 16 adituak. Ur-sistemak, naturguneen kudeaketa, erronka garaikide nagusiak edota espezieen birsartzea bezalako gaiak jorratuko dituzte. 

Antolakuntza taldeko kide den Mikel Etxeberriak argitu moduan, bertako ikuspegiaz aztertuko dituzte jorratuko diren gaiak. "Askotan arazo globaletan galtzen gara eta guk gurera ekarri nahi izan dugu gaia, bertan ditugun arazoak zeintzuk diren ikusi, ikerlariek bertan zer lan egiten dituzten jakin. Natur ondarea hobekien babesten den lekuak dira naturguneak". 

Jardunaldiaren bosgarren edizioa da aurtengoa eta orain arte egindako ibilbidean sare zabala ehuntzea lortu da, antolatzaile lanetan dabilen Ana García de Baok azaldu moduan. 

Izena emateko epea azaroaren 15a arte egonen da zabalik, UEUren webgunean; eta parte-hartzaileek jardunaldian agertzeko posterrak azaroaren 10a arte aurkeztu ditzakete.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!