Lantokietan eskatzen diren zaintzarako baimenen %82 emakumeek galdegiten dituzte

Maialen Huarte Arano 2023ko urr. 31a, 13:47

Crsitina Antoñanzas UGT sindikatuko idazkariordea da.

UGTk eman du gaur datua Iruñean egiten ari den jardunaldi batzuen aurretik. Cristina Antoñanzas sindikatuko idazkariodeak esan du zaintzarako eskatzen diren baimen gehienak, %82, emakumeek galdegiten dituztela Nafarroan. "Erantzunkidetasunaz hitz egiteko garaia da eta zaintza gizonezkoek ere eskaini dezaketela erakusteko unea", esan du. 

Nafarroako lantokietan zaintzarako baimenak eskatzen dituztenen artean %82 emakumeak dira. UGT sindikatuak eman du datua gaur jardunaldi batzuen hasieran. Erantzunkidetasuna eta lan baimenak izeneko ekitaldian ari da sindikatu hori parte hartzen. "Haurrak zein adinduak zaintzeko lantokietan eskatzen diren baimenak, beraz, emakumeek eskatzen dituzte gehien eta horri buelta ematen hasteko garaia da", esan du. Beste datu adierazgarri baten berri ere eman du: "Zaintzarako baimenak diruz-lagunduak direnean, haurren jaiotzeetako 16 asteak adibidez, emakume eta gizonen baimen eskaerak berdintsuak dira".

Datu horiek mahai gainean jarrita UGTk uste du beharrezkoa dela baimenak diruz-laguntzea. Baina aldaketak handiagoa izan behar du egoera hori irauli ahal izateko: "Emakumeen eta gizonen arteko soldata arrakala handia da eta horrek eragiten du emakumeak eskatzea eszedentzia, jardunaldi murrizketa edo baimenen bat". Zaintza lanak gizonek ere egin ditzaten lan handia dago oraindik egiteke UGT sindikatuaren arabera. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!