Bere 35. urteurrena ospatzeko festa eginen du Euskalerria Irratiak

Euskalerria Irratia 2023ko urr. 31a, 06:53

Anari, Ibil Bedi eta Raimundo el Canastero ariko dira azaroaren 7an, Iruñeko Zentral Kafe Antzokian

Euskalerria Irratiak 35 urte eginen ditu azaroaren 7an, asteartearekin. Urteurrena ospatzeko, egun horretan berean, 19:00etan, festa eginen dute Iruñeko Zentral Kafe Antzokian. Ekitaldiak  musika eta hitza uztartuko ditu.

Oholtzatik pasako dira Anari Alberdi, Ibil Bedi eta Raimundo el Canastero; irratiaren sortzaileak, bazkideak eta iragarleak omenduko dituzte; eta Iruñerriko irratiaren etorkizunerako asmoen berri ere emanen dute, ordu bete inguru iraunen duen emanaldian. Sarrera doan izanen da.

“Denon artean lorturikoa denon artean ospa dezagun” da festaren leloetako bat; izan ere, Euskalerria Irratiak Iruñerriko –eta Nafarroa Garai zein Euskal Herri osoko– euskaldunen komunitate eskuzabal eta ahaltsuari zor dio 35 urteren buruan proiektu komunikatibo bizi eta sendo bat izan ahal izatea. Horregatik, euskaldun eta euskaltzale guztiak daude gonbidaturik Zentral Kafe Antzokiko festara, eta bereziki irratiaren 8.000 entzuleak, 1.000 bazkideak, ehunka iragarleak eta 200 kolaboratzaileak. Dagoeneko Zentralera joanen direla baieztatu dute hainbat eragile kultural, sozial, sindikal eta politikok.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!