‘Piztu!’, 2024ko Nafarroa Oinezek badu leloa

Haritz Pascual Garjon 2023ko urr. 25a, 12:31

Zangozako ikastolak bere laugarren Nafarroa Oineza antolatuko du 2024an. Zonaldeko despopulazioaren ondorioei aurre egin eta inguruan euskara bultzatzen jarraitzeko laguntza bildu nahi dute ikastolen festaren antolakuntzarekin. Urriaren 20an izanen da ospakizuna, ikastolaren 45.urteurrenarekin bat eginik.

Etxarriko Nafarroa Oinezaren ostean, Zangozak hartu du dagoeneko lekukoa. Ikastolako familiak, irakasleak, zuzendaritza…hasi dira dagoeneko lanean urriaren 20ko festa antolatzen. ‘Piztu!’ izanen da aurtengo leloa eta logoak eguzkia eta bere izpi koloretsuak irudikatu nahi ditu.

“Piztu hitza hautatu dugu, esannahi ugari dituelako” azaldu du prentsaurrekoan Nagore Oria, ikastolako zuzendariak, “Piztu, kalitatezko hezkuntza eta euskara Zangozan sustatu; Piztu, auzonala suspertu; Piztu, existitzen jarraitu ahal izateko baliabideak sortu eta Piztu, energia garbien etengailua” laburbildu du Oriak.

Ikastolan egun 159 ikasle daude 0 eta 16 urte bitartekoak. “Matrikulazioa gainbeheran dator, bai gure ikastetxean baita zonaldeko beste zentroetan ere” azaldu du ikastolako zuzendariak, “Gure eskualdean azken urteotan jaiotze tasaren jaitsiera nabarmena izaten ari da, gazteak Iruñea aldera jotzeko joera hartu dute eta horrek eragina du despopulazioan eta herrien zahartzean”. Horrek, Zangozako ikastola bezalako proiektuen bizirautea kolokan jar dezake, “Ikastetxea mantentzearen kostua familia gutxiagoren artean banatu behar izaten da eta 2024ko Nafarroa Oinezak laguntza handia emanen digu”.

Azaroaren 3an Zangozan Oinez dena zabalduko du ikastolak eta azaroaren 26an Nafarroa Oinezaren aurkezpen ofiziala eginen da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!