Volvo Busekin lorturiko hitzarmenaren eskutik, 500 milioi horiek lau urtean fakturatuko ditu Sunsundegik. 2024ko maiatzean hasiko dira bi autobus-modelo berriak ekoizten: Volvo 9700 eta Volvo 9900. Bigarrena elektrikoa da. Txasisak eta motoreak Volvok jarriko ditu; karrozeria, Sunsundeguik. Halaber, Volvok Poloniatik Altsasura ekarriko ditu ingeniaritza lanak.
Gauzak horrela, espero dute 2028an 783 autobus unitate fabrikatzea, 140 milioi euroko salmentak egitea eta 720 langile edukitzea. Egun 400 dira.
Atzo, 31 enplegatu berri hasi ziren lanean. Ekitaldian Maria Txibite lehendakariak eta Mikel Irujo kontseilariak hartu zuten parte, baita Sunsundegiko zuzendari eragile Jose Ignacio Murillok eta Volvoko autobusen alorreko presidenteorde Dan Petterssonek ere.
Nafarroako Enplegu Zerbitzua ikastaro bereziak egiten ari da, karrozeriak muntatzen irakasteko. Dagoeneko zazpi ikastaro egin dituzte. Beste zortzi geratzen dira. 220 pasako dira ikastarootatik.