Babes ekonomikoa eta finantzarioa iritsiko zaio Siemens Gamesari Europatik

Maialen Huarte Arano 2023ko urr. 24a, 09:47

Europako Batzordeak diru-laguntza sorta bideratuko du energia eolikoa ekoizten duten sektoreak hauspotzeko. Gaur aurkeztuko du Europar Batasunak 20 orrialdeko plana energia berriztagarria ekoizten dutenei 1.400 milioi euroko laguntzak bideratzeko eta enkanteen diseinua hobetzeko. Siemens Gamesa enpresak iragan astean ohartarazi zuen “kinka larrian” zegoela eta berehalako “babesa” galdegin zuen. Europatik iritsi daitekeen diruak egoera bidera dezakeela uste dute langileek.

Sektore eolikoa babesteko diru-laguntza sorta prestatu du Europar Batasunak. Gaur bertan emanen du horren berri 20 orrialdeko txosten baten bitartez. Energia berriztagarria ekoizten duten enpresei 1.400 milioi euroko diru-laguntzak banatuko dizkie Europako Batzordeak eta enkante sistemaren diseinua hobetzea ere izanen du xede. Siemens Gamesa enpresak iragarri zuen joan den astean "kinka larrian" zegoela eta beharrezkoa zuela "babes ekonomikoa" aurrera egin ahal izateko. Hortaz, Europatik iritsitako albistea lagungarri izanen zaio Nafarroan dauden 1.800 lanpostu mantendu ahal izateko. Siemens Gamesaz gainera Vestas, Nordex eta Acciona ere izanen dira diru-laguntza hori jasoko dezaketen enpresak.

Lehia "desleialari" aurre egitea

Europako Batzordeak osatu duen txostenean diru-laguntzak emateko proposamenaz gainera enkanteetan izaten diren lehia desleialari aurre egiteko plana ere jaso du. Neurriak iragarriko dituzte sektore eolikoa erakargarria izateko eta modu horretara Europaz haragoko beste herrialdeetako inbertsioak ahalbidetzeko. Txinatik iristen ari den lehiari aurre egiteko mekanismoak ere ezarri nahi ditu Europak.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!