Hipolita Ibaibarriaga Ormaetxea Ermuan jaio zen 1914an. Euskal erraketista profesionala izan zen, Poli ezizenaz ezaguna.
Ermuan frontoi izkinan bizi zen Ibaibarriaga familia. Ez bakarrik Hipolita, beste hiru ahizpa (Rosario, Irene eta Bitxori) ere erraketistak izan ziren, eta Vicente anaia zesta-puntako pilotaria.
Gazterik hil zitzaien aita, eta ama eta 8 anai-arrebak Eibarrera joan ziren bizitzera.
Garai hartan Euskal Herrian erraketista asko sortzen ari ziren, pilotarako zaletasun handia baitzegoen. Eta horietako asko Eibarko frontoietan. Hiru pilota-eskola zeuden herrian, eta pilotarien harrobia bihurtu zen Eibar.
Gainera, beste herri batzuk baino irekiagoa zen, ez hain katolikoa; sozialistak eta errepublikanoak ziren nagusi. Horren ondorioz, emakumeek askatasun handiagoa zuten beste leku batzuetan baino.
Hori zen Poli eta haren familia bizi zen testuinguruan. Beraz, ez da harritzekoa neskak Txaltxa-zelaiko frontoian hasi izana bere erraketista ibilbidea. Bertan jaso zuen Madrilera profesional gisa jokatzera joateko gonbita ere.
Han Cortezo kaleko Madrid eta Aduana kaleko Chiki-Jai pilotalekuetan aritu zen, eta 1935. urtean azken horretako jokalari nagusiena zen.
Partiduak bikoizten zituen, arratsalde zein gaueko saioak eginez.
Bera baino gazteagoa zen Irene ahizparekin jarri zuten bikote: aurrelari Irene eta atzelari bera. Familiaren zati handi bat Madrilera lekualdatu zen, pilotalekutik gertu bizitzeko.
1936ko Espainiako Gerrak Madrilen jokatzen harrapatu zuen Poli, eta, gatazkatik ihesi, Valentziara abiatu zen, ahizpa lagun.
Bi hilabete eman zituzten bertan, hango frontoi-hormak astintzen eta Bartzelonara alde egin zuten gero, Rambletan kokatutakoan aritzeko.
Gerra bete-betean zen, baina eguneroko bizitzari normal itxurak ematen laguntzeko, frontoia eta apustu-jokoa martxan zeuden.
Gerrak iraun zuen bitartean ez zen egun bakarrez eten pilotalekuetako jarduera.
Ahizpa bikoteak Ameriketara erraketan aritzera joateko gonbita ere jaso zuen, eta, tentatuta egon ziren arren, amak ez zien utzi.
Poli Ibaibarriaga Espainiako gerra garaian zendu zen, gazterik. Torneo bat jokatzen ari zela gaixotu zen, eta Bartzelonan ostatu hartuta zegoen hotelean bertan hil zen. 24 urte zituen.