Osasuna alaitsua eta kementsua ikusi genuen ostiralean. Alaitsua, denboraldian lehendabizikoz garaipena lortu zuelako etxean. Kementsua, hori erdiesteko berdegunean indar handiagoz jardun zuelako beste zenbaitetan baino. Datu adierazgarri bat: Real Madriden aurkako norgehiagokan, gorritxoek sei falta egin zituzten guztira. Ostiralean, 19.
Chimy Abilaren eta Ante Budimirren arteko lotura erabakigarria izan zen. Argentinarraren lerro arteko pase bikain batetik etorri zen serbiarraren lehen gola. Argentinarraren beste pase batetik heldu zen bigarren golean serbiarrari egin zioten penaltia.
Tartean, Sergio Herrerak meritu handiko geldiketak egin zituen. Izan ere, Osasunarena ez zen partida biribila izan. Lehen zatiaren amaieran, Granadak gol aukera argiak izan zituen. Bigarren zatian, Aimarrek behin baino gehiagotan erakutsi zuen zeinen jokalari ezberdin eta distiratsua den. Eta Torrok aspaldidanik ematen ez zuen maila eman zuen.
Osasunako gizonezko jokalariek atzo eta gaur jai izan dute. Bihar itzuliko dira Taxoareko entrenamenduetara, igandean, eguerdiko ordu bietan, Betisen aurka Benito Villamarinen jokatuko duten norgehiagoka prestatzen hasteko.