Xabier Alkuaz: "Despopulazioari aurre egiteko baliabideak eta irtenbideak adostu behar dira"

Maialen Huarte Arano 2023ko urr. 10a, 09:43

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko presidente izendatu berriak, Xabier Alkuazek, erronka berriez hitz egin du: "Erakundeekin eta eragileekin adostasunetara iritsi nahiko nuke despopulazioari aurre egiteko, energia berriztagarriekin aurrera egiteko eta euskarari bultzada ematen segitzeko", adierazi du Euskalerria Irratian egindako elkarrizketan. 

Xabier Alkuaz da Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko presidente berria. Tafallako alkateak 755 boto lortu zituen ostiraleko batzarrean,  UPNko Alejandro Toquerok baino 312 gehiago. PSNko eta Geroa Baiko kideen babesa jaso zuen, eta ziurtatu zuen "ahalik eta kontsentsu handiena" bilatuko duela.

Euskalerria Irratian ere mintzatu da Alkuaz: "Erronka ez da nolanahikoa, baina saiatuko naiz gainerako erakundeekin eta eragileekin ahalik eta gehien iristen adostasunetara". Landa eremukoak dira udal eta kontzeju ugari: "Azken urteotako arazo nagusietako bat da askoren artean despopulazioarena. Baliabideak ematea eta problematikari irtenbideak bilatzea izanen dira lehentasunetako batzuk", adierazi du Alkuazek.

Aniztasunari erantzuna emateko prest

Nafarroako Gobernua aurrerakoia izanda "ildo hori" segituko du baita Udal eta Kontzejuen Federazioak ere Alkuazen esanetan. "Aniztasunari erantzuna ematen ahalegunduko gara eta hori guztion artean erdietsi nahiko nuke", dio. "Ilusioz" eta "arduraz" ekin dio bere bide berriari Alkuazek Udal eta Kontzejuen Federazioko presidentetzan. Erronka politikoa bai, baina pertsonala ere badela esan du.

Entzun hemen elkarrizketa osoa:

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!