Etxegabeei irtenbide bateratua emateko bildu dira Nafarroako Gobernua eta Iruñerriko zenbait herritako ordezkariak

Maialen Huarte Arano 2023ko urr. 4a, 11:12

Gora egiten ari da etxegabeen kopurua. Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetarako departamentua horrekin kezkatuta dago eta Begoña Alfaro kontseilariak 10.000 bizilagun baino gehiagoko Iruñerriko zenbait herritako alkate, alkateorde eta zinegotzi elkartu ditu batzar batean irtenbide "integrala" emateko "egiturazkoa" bilakatu den arazoari.

Gero eta gehiago dira Nafarroan etxerik gabe dauden pertsonak. Aurretik, arazoa larria bazen, orain, kalean bizitzera behartuak dauden horien profila aldatu egin da: pobrezia larrian zeudenekin batera daude orain etorkin ugari, gazteak eta adin txikikoak dituzten familiak.

Horri irtenbide emateko lanean jarri da Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetarako departamentua. Begoña Alfaro kontseilariak 10.000 bizilagun baino gehiagoko Iruñerriko zenbait herritako alkate, alkateorde eta zinegotzi elkartu ditu batzar batean irtenbide "integrala" emateko "egiturazkoa" bilakatu den arazoari.

Ardura denona dela kontuan hartuta koordinazioaren bidez administrazioek bide beretik jo behar dutela uste dute.Hartara, eta kontuan hartuta etxegabe gehienak Iruñerrian daudela, lan ildo komun bat finkatu eta fenomenoari estrategia oso baten bidezko erantzuna ematea adostu dute lehen bilera horretan. Eguesibarrek, Burlatak, Barañainek, Berriozarrek, Antsoainek, Atarrabiak eta Zizur Nagusiak hartu dute parte lehen bilkuran. 

Larrialdiko egoeran, berehalako irtenbidea

Prebentzioa, etxebizitzarako sarbidea eta erakundeetatik haragoko erantzuna ematea izanen da xedea. Ohiko etxebizitza eskaintzetik ere aldendu nahiko lukete eta integralagoa izanen den erantzun baten bila joko dute: etxegabeei akonpainamendua eskaini eta etxea ez ezik lanpostu baterako bidean laguntza eman.

Bi lan ildo proposatu ditu Alfaro kontseilariak: lehenak helburu luke udazken-negu honetarako larrialdiko irtenbideak ematea; bigarrenak, epe ertain-luzerako estrategiak finkatzea.

Berehalakoetan, Udalei eskatu die euren herrietan etxegabeei eskaintzeko dituzten azpiegitura eta baliabideen informazioa jasotzeko. Gobernuak bere aldetik, halakoetarako diru-partidak badirela ere jakinarazi die.

Epe ertain-luzekoetara begira,lan-mahaia osatuko du Gobernuak Iruñerriko Udaletako ordezkariekin batera Tutera, Lizarra eta Tafallako ordezkariei ere dei eginen die. Lan ildo komun bat ezarriko dute laguntza integrala eta taldekakoa emateko. "Europan indar handiz arazo horri erantzuten ari zaion Housing Firts egitasmoari jarraitu nahi diogu: etxebizitzari erantzun ematea eta era berean lanpostua ere eskuratzen laguntzea", esan du Alfarok.

Urriaren 29an gainera, Espainiako Eskubide Sozialetarako Ministerioak asmoa du egun etxegabeen kopurua zenbaterainokoa den ezagutzeko eta horrek Nafarroaren egoera nolakoa den jakiteko aukera ere emanen duela esan du Alfarok.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!