Pop kulturari buruzko bideopodcasta abiatu dute Eneko Garciak eta Danel Pascualek, Euskalerria Irratian

Juan Kruz Lakasta Zubero 2023ko urr. 3a, 11:42

Pop kulturari buruzko bideopodcasta estreinatu du gaur Euskalerria Irratiak: Flop Kultura. Eneko Garcia eta Danel Pascual ditu aurkezle, Albina Stardust eta Divina Comedia drag queenen  gibelean dauden bi artistak. “Bi trabesti eszeptikoren ikuspuntua pop kulturaren inguruan”, hala definitu dute saioa haiek beraiek.

Saioa astekaria izanen da. Astearteetan jarriko dute ikusgai euskalerriairratia.eus webgunean, eta asteartero 21:00etatik aurrera izanen da entzungai Iruñerriko dialean, FMko 98.3an. Lehen atala dagoeneko hemen ikus daiteke.

“Pop kulturan asko erabiltzen da bop esamoldea. Adibidez, kanta batek arrakasta handia lortzen duenean edo bideoklip ikaragarria denean, bop bat dela esaten da. Flop hain zuzen ere kontrakoa da”, azaldu du Enekok. “Adibidez, Katy Perryk bere 27. singlea plazaratzen badu eta bi pertsonak soilik ikusten badute, flop bat da”, gaineratu du.

“Podcats honi errekurtso moduan jarri diogu izen hori, pop hitzaren antza duelako, baina ez da flop bat izan behar baizik eta garaipen erabateko bat guretzat eta Euskalerria Irratiarentzat”, argitu nahi izan du Danelek.

“Historian zehar pop kulturan izan diren une gorenak ekarri nahi ditugu gogora”, iragarri du Enekok. “Kontua ez da Euskal Herrian jendeak ez duela pop kultura baloratzen. Arazoa da gizartean oro har cisheteropatriarkala ez den guztia ez dela baloratzen”, salatu du Enekok berak. Horri buelta eman nahi diote, umorez. “Cisheteroak ez dira gehiago, baina hedabideek ahotsa ematen diete guri baino gehiago. Hor dago koska. Euskalerria Irratitik buelta eman nahi diogu horri”, aldarrikatu dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!