'Batu ditzagun gure ahotsak' lelopean, kanpainak euskal hiztunei eskatzen die www.gaitu.eus atarian sartzeko beren ahotsa grabatzeko eta, horrela, euskarari eta euskal kulturaren garapenari ekarpena egiteko.
Azaldu dutenez, zenbat eta euskarazko ahots eta grabazio gehiago izan, orduan eta zabalagoa izango da teknologia berriek lantzeko izango duten datu eta materiala. Horrela, www.gaitu.eus atarian sartuta, plataformak bi eginkizun proposatuko ditu. Alde batetik, idatzita dagoen esaldi bat irakurtzeko aukera izango da, ozenki grabatzen den bitartean. Behin eginda, atariak beste esaldi bat proposatuko dio erabiltzaileari eta gauza bera errepika daiteke nahi adina aldiz.Beste aukera da beste hiztun batek grabatutako esaldi bat balioztatuta ematea. Horretarako, esaldi bat entzutea proposatuko zaio erabiltzaileari eta bere egitekoa esaldian jartzen duena eta ulertzen dena ontzat ematea izango da, ongi badago, ongi dagoela adieraziz, eta zuzena ez bada, egokia ez dela ohartaraziz. Aukera hau ere nahi adina aldiz errepika daiteke.
Ekimena 'Common Voice' deritzon nazioarteko ekimenari esker aurrera atera da. Egitasmo irekia, irabazi asmorik gabea eta kolaboratiboa da. 105 hizkuntzatan hasiak dira jada 'Common Voice' ekimenean ahots ekarpenak egiten, eta ia beste horrenbestetan prestatzen ari dira.