“Podcast honetan historiari, ondareari eta memoriari buruz mintzatuko gara eta horretarako ikertzaile, profesional eta adituak ekarriko ditugu, baina lehen atal honetan bakarrik ariko gara, podcasta aurkezteko eta meloiak irekitzen hasteko”, azaldu dute bost historialariok. Saioa hamabostean behin eginen dute. Euskalerria Irratiaren webgunean entzun ahal izanen da, eta halaber Iruñerriko dialean, FMko 98.3an, astelehenetan, 21:00etan.
Irune Bueno Delgadok, Irati Garcia Etxeondok, Olaia Garcia de Amezaga Lizarragak, Edurne Turrillas Buenok eta Irati Zurbano Zuazuk eginen dute podcasta. Iaz Historia gradua amaitu zuten. Aurten argi dute zein gai jorratu nahi dituzte, eta zein gonbidaturekin. Aurreratu dutenez, besteak beste, aztertuko dituzte emakumeen ekintzak historian zehar, gizarte mugimenduak eta Iruñerriko langile mugimendua frankismoan.
Lehen gonbidatua Nafarroako Memoria Institutuko Dokumentazio buru Cesar Layana izanen da, memoria politika publikoez mintzatzeko; bigarrena, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta Memoriaren Bideak elkarteko kide Fernan Mendiola, elkarte memorialistikoez hitz egiteko.