Joko distiratsurik egin gabe, urre gorrizko hiru puntu patrikaratu zituen atzo Osasunak, guztiz eroso sentiarazten duen Mendizorroza futbol zelaian: han jokaturiko azken bost neurketak irabazi dituzte gorritxoek.
Beste datu adierazgarri bat: Ligan etxetik at jokatu dituen lau partidetatik hiru irabazi ditu Jagoba Arrasataren taldeak. Horri esker dago sailkapenaren erdialdean, egoera erosoan, Sadarren denboraldi hasiera tamalgarria eginagatik ere. Etxean uso, kanpoan otso.
Lehen zatian, Alaves gehiago izan zen, baina Arnaizek goltzarra sartu zuen Osasunarentzat, urrutitik egindako jaurtiketa zital baten bitartez. Bigarren zatian, Alaves hamar jokalarirekin geratu zen, epaileak, erabaki eztabaidagarri batean, Blancori txartel gorria erakutsi eta gero. Halere, 90. minutura arte ez zen iritsi, Budimirren oinetatik, Osasunaren bigarren gola, lasaitasunarena. Ezin kronika amaitu, Sergio Herrerak egindako geldiketa bikainak aipatzeke.
Jagoba Arrasatek emaitza jokoa baino hobea izan zela aitortu zuen euskal derbiaren amaieran: “Sentsazio hobeak izan ditugu emaitzak baino azkenaldian. Eta gaur alderantziz izan da: emaitza hobea izan da sentsazioak baino. Kosta zaigu, Alaves on baten kontra. Eta gaur gure alde jauzi dira jokaldi erabakigarriak, Joseren [Arnaizen] gol hori eta Sergioren [Herreraren] geldiketak”.
Gaur, hamarretan, entrenamendua Taxoaren. Larunbatean, arratsaldeko laurak eta laurdenetan, norgehiagoka, Bernabeun, Real Madriden aurka.