Osasuna

Gehiago merezi zuten

Juan Kruz Lakasta Zubero 2023ko ira. 29a, 07:31

Osasunak zero eta bi galdu zuen Atletico de Madriden aurka, bart gauean Sadarren jokaturiko norgehiagokan. Porrot horren ondotik gorritxoak 14.ak dira sailkapenean, zazpi punturekin, eta jaitsiera postuetatik bira daude.

Gorritxoek gehiago merezi izan zuten atzoko norgehiagokan, baina Martinez Munuera epailearen bidegabekeria batek esku hutsik utzi zituen.

74. minutuan, korner batean, David Garciak buruz banako berdinketaren gola sartu zuen. Alta, arbitroak baliogabetu egin zuen, Aimarrek aurkari bati eskuarekin kolpea eman ziolakoan. Aurretik, baina, defentsa batek Aimar bultzatu zuen, eta horrek eragin zuen geroko kolpea, klarki. VARak ez zuen parte hartu, harrigarriki.

Protesta egiteagatik Jagoba Arrasateri txartel gorria erakutsi zioten. “Ezer egin barik bi partidu emango ditut kanpoan, eta berba egiten badut gehiago. Adierazpen askatasuna kendu digute. Hori erabaki dute eta ezin dugu ezer esan. Denok ikusi dugu jokaldi hori. Niretzako gol garbia da. Hori esan daiteke. Gainera gola sartu eta gero adierazi du falta. Jokaldi horrek partidua markatu du”, azaldu zuen Berriatuko entrenatzaileak.

Bere ibilbide profesionalean ikusten duen lehen txartel gorria da. Telebistako irudietan argi ikusten da “No ha sido nada”, ez da deus izan, besterik ez diola esaten marrazainari. “Txartel gorira gutxienekoa da, nahiz eta bakar-bakarrik esan diodan ez dela ezer egon eta ez dela falta izan, gainera eskuak poltsikoan sartuta, ez baitzaie gustatzen eskuak altxatzea eta halakoak. Marrazainak berehala esan dio arbitroari botatzeko kanpora, eta listo”, adierazi du Arrasatek.  

Horren guztiaren aurretik, Osasunak lehen zati txarra egin zuen. Ezker hegalean tematuegia. Eraso estatikoegian. Atleticok arazorik ez zuen izan defentsan, eta kontraeraso batean, Aitor Fernandez atezain gorritxoak huts eginda, Griezmanek zero eta batekoa egin zuen. Bigarren zatian Osasuna askoz hobeki aritu zen, hegalak asko zabalduz. Gol aukera ugari sortu zituen. Baina golaren baliogabetzeak zeharo etsitu zuen.

Jaitsiera postuak aztoragarriki hurbiltzen ari dira. Igandean, puntuak batzeko beste aukera bat izanen dute gorritxoek: euskal derbia, Alavesen aurka, Menizorrozan. Gaur 11:00etan entrenamendua izanen dute, Taxoaren.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!