Nafarroako Parlamentuko osoko bilkurak atzera bota du alderdi Popularrak aurkeztutako mozioa; Foru Parlamentua ez da balizko amnistia lege baten aurka agertuko. PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa taldeek mozioaren aurka bozkatu dute, eta UPNk, PPNk eta Voxek, berriz, Parlamentuak balizko amnistia lege baten aurkako iritzia ematearen alde.
PPren mozioak "edozein herritar talderentzako edozein amnistia edo indultu orokortu" errefusatzea planteatzen zuen. "Legearen inperioa herriaren borondatearen adierazpena da, Konstituzioaren atarikoak ezartzen duen bezala, eta botere guztiak konprometitzen ditu hori betetzeko", azaldu dute mozioan.
PPren proposamenak amnistiaren auziari eztabaidarako ateak ireki dizkio eta eztabaidagai izan da Nafarroako Parlamentuan. Izan ere, Parlamentuko gehiengoak eztabaida baliatu du Kataluniako gatazkari "irtenbide politikoa emateko babes argi eta berariazkoa emateko. Baita amnistia batekin ere, beharrezkoa balitz". Eskuinak Nafarroan jarrera markatu nahi zuen auzi honekin eta kontrakoa lortu du.