Osasuna

Manta behera

Juan Kruz Lakasta Zubero 2023ko ira. 25a, 07:08

Budimir, bi aurkariren artean. (Argazkia: Osasuna)

Golik ez, Osasunak eta Sevillak larunbat arratsaldean Sadarren jokaturiko partidan. Berdinketa horren ondotik, gorritxoak hamaikagarrenak dira sailkapenean, zazpi punturekin.

Manta behera. Erran nahi baita Liga hasieran gol asko jaso eta gero, Jagoba Arrasate bere taldearen atzealdea tapatzen saiatu zela larunbatean. Eta lortu zuen: denboraldi honetan bigarrenez, aurkariak ez baitzuen Osasunaren atea zulatzerik izan.

Alta, manta beheratuta, gorritxoen goialdea agerian geratu zen: gol aukera gutxi eta gol bakar bat ere ez. Chimy Avilak pare bat abagune argi eduki zituen. Eta Torrok besteren bat. Baina ezin uka daiteke Sevillaren gola ere hurbil izan zela, Ocamposen eta Oliver Torresen erremateekin.

Izen propioekin segituz: Sergio Herrena izan zen gorritxoen atezaina, euskarrian Torrok eta Iker Muñozek elkarrekin jokatu zuten lehendabizikoz, eta Mojica hegaleko erdilari moduan berragertu zen, gibelean Juan Cruz zuela. Aimar Oroz onenetakoa izan zen.

Arrasatek norgehiagokak utzi zion zapore gazi-geza azaldu zuen kazetarien aitzinean: “Puntuari balorea ematen diogu, baina ez gaude erabat gustura. Partidu parekatu bat izan da, eta alde batera zein bestera jauzi zitekeen. Baina aukera garbiak eduki ditugu, eta hori da gure pena gaur. Normalean gainera Chimyren moduko jokalari batek edukitzen dituen biak sartzen ditu. Gaur ez da hala izan. Puntuari balioa eman behar diogu, baina pena da”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!