Ager Txiki eguna antolatu dute larunbatean Tafallan

Euskalerria Irratia 2023ko ira. 21a, 10:16

Agerraldiak antolatuta, ikasturteko ludoteka zerbitzua aurkeztuko dute eta haurrentzako euskarazko aisialdi sareak sortzeko helburua du.

Larunbatean Ager Txiki eguna eginen da Tafallan. Errigoratik sortutako Agerraldi ekimenak euskararen sustapena du helburu Nafarroako erdialde eta Erriberan. Agerraldiak bultzatuta aurten ager eremuko hogei bat herritan abiatuko dira euskarazko ludotekak eta hauen aurkezpena egingo dute larunbatean. 

Urritik aurrera ikasturte guztian izango dira martxan jolastekak eta hauek aurkeztean gain, larunbatean bertaratzen diren haurrek Porrotx pailazoa ezagutuko dute, Dindaiaren eskutik tailerrak eta jolasak izango dituzte eta Gure Zirkuaren emanaldiaz gozatzeko aukera izango dute; guztiak euskaraz bizitzeko espazioa irekiz.

Haizea Lizarbe Agerraldiko kideak Ager Txikiren helburua azaldu digu: "euskara baliagarria dela eta beste haur batzuekin euskaraz egin dezaketela erakutsi nahi dugu". Bestalde, haurrak "beste haur batzuk zeinekin euskaraz jolastu dezaketen" ikustea da xede. Bestalde, hilaren 30ean Ablitasen eginen da Errigoraren auzolan saio handia kanpaina berrirako saskiak prestatzeko. Eta, euskararen aldeko beste ekimenen artean, urriaren 1ean Santxikorrota lasterketa eginen da Bardeetan. Gero eta mugimendu handiagoa aurten 10 beteko dituen Errigora ekimenaren inguruan. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!