Nafarroako Edizioaren VII Azoka irailaren 27tik urriaren 1era eginen dute. Editargik antolatzen du -hau da, Nafarroako argitaletxe independenteen elkarteak-, Vianako Printzea Erakundearen laguntzarekin, eta guztira hamabost argitaletxe elkartuko dira Iruñeko Sarasate pasealekuko saltokietan: Alkibla, Altaffaylla, Cenlit-Denonartean, Cintinta me tienes, Eunate, Euskal Memoria, Nafarroako Gobernua, Katakrak, Kilikids, Mintzoa, Next Door, Publishers, Pamiela, Papeles de Duende, Pompaelo eta Txalaparta.
Azokaren zazpigarren edizioak berrikuntza bat ekarriko du: lehen Editargi saria. Editargi elkartea bera abian jarri zuten zenbait argitaletxetako sortzaileei emanen diete: Txoria Errekan-eko Xabi Oterori, Pamielako Txema Aranazi eta Pello Elzabururi, Mintzoako Segundo Otazuri, Igelako Xabier Olarrari, Txalapartako Jose Mari Esparzari eta Cenlit-Denonarteaneko Enrique Hualderi. Sari emate ekitaldia irailaren 27an eginen dute, asteazkenarekin, 18:00etan.
“Editargik ilusio handiz ekinen dio zazpigarren azokari, Liburuekiko eta Nafarroako argitaletxeekiko herritarren interesa berrestea espero dugu. Duela zazpi urte Geltokin lehen azoka egin genuenean 100 bat liburu saldu genituen. Azken azokan 2.000 izan ziren”, azaldu du Editargiko presidente Aritz Otazuk.