2018tik Gure Zirkuak sei bira egin ditu Euskal Herrian zehar, baina orain arte sekula ez da Tafallan izan. Honako honetan, Tafallako Udalak eta Agerraldia ekimenak elkarlanean jardun dute, euskarazko lehen zirku ibiltaria haienera irits dadin. “Apustu handia egin dugu, eta dena ongi ateratzea espero dugu, denok ederki gozatzea”, azaldu du Iker Galartza, Gure Zirkuaren buruak, Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioan egin dioten elkarrizketan.
Karpa Errepublikaren pasealekuko aparkalekuan paratu dute. Emanaldiak irailaren 22, 23, 23, 29 eta 30ean izanen dira, baita urriaren 1, 6 eta 7an ere. Ostiraletan, saioak 19:00etan hasiko dira. Larunbatetan eta igandeetan, berriz, 17:00etan. Irailaren 30ean, larunbatarekin, bi emanaldi eginen dituzte.
Sarrerak dagoeneko salgai daude, 14 euroan, gurezirkua.eus webgunean.