Bira Nafarroan Barna programak Foru Komunitatean sortzen ari den musika-eszena bultzatzeko sortutako egitasmoak bigarren faseari ekingo dio. Irailaren 21etik azaroaren 24ra bitartean Nafarroako bazterrak musikaz beteko dira. 17 artista, 22 kontzertu eta 22 herri bi hilabeteko programa zabalean.
2021ean Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuak NICDO sozietate publikoaren eta Navarra Music Commission musika bulegoaren bidez sortutako ekimena da. Apirilean hasi zen musika zikloaren lehenengo etapa eta zortzi emanalditan 400 pertsona inguru bildu zituen. Uda bukatuta, udazkenari hasiera emateko, bigarren etapari ekingo diote.
Bira ostegunean, hilaren 21ean, M de Runaren hiri musika eta flamenkoaren fusioarekin abiatuko da Barañainen eta Iruñeko artistak ere hilaren 23an Castejon bisitatuko du. Askotariko talde eta bakarlariek kontzertua eskainiko dute datozen bi hilabeteetan zehar, haien artean, Raul Vital, Beietz!, Pleura, Kai Etxaniz, Raimundo el Canastero, Ane Martija edo Joseba Irazoki, besteak beste. Azagra, Castejon, Tutera, Los Arcos, Agoitz, Deierri eta beste hainbat herrik izango dute oholtza biraren bigarren fasean.
Kontzertuetako sarrerak dagoeneko eskuratu daitezke bost euroren truke, udal bakoitzak sarrerak eskuratzeko gaitutako kanalaren bidez. Sarreren dirua udaletxeetan kontzertuen garapenerako eragindako gastuak ordaintzera bideratuko da. Kontzertuen egitarau osoa kontsultatu dezakezu hemen.