Idazketan trebatzeko bi aukera ekarriko ditu udazkenak

Juan Kruz Lakasta Zubero 2023ko ira. 19a, 07:13

Kondestable jauregian eginen dute 'Hitzen mintegia'. (Argazkia: Iruñeko Udala)

Urriaren 28tik azaroaren 25era Hitzen mintegia eginen dute Iruñean, larunbatero, adin guztietako literaturzaleentzako. Urriaren 12tik 15era Zirriborro egonaldia antolatu dute Donezteben, idatzi nahi duten gazteentzat.

Euskal Idazleen Elkartearen xedeetako bat idazketa sustatzea da, eta xede horrekin hainbat erakunderekin lanean ari da ikastaro eta tailerrak osatzeko. Lan horren bi fruitu eskainiko dizkigu udazkenak Nafarroako literaturzaleoi.

EIEk eta Iruñeko Udalak antolaturik, Hitzen mintegia eginen dute Kondestable Jauregian, urriaren 28an, azaroaren 11n eta azaroaren 25ean. Hiru larunbatotan goizez eginen dituzte lan saioak.

Urriaren 28an, Nerea Loiolak gidatuko du tailerra, Literatur testuak lantzeko baliabideak izenburupean. Azaroaren 11n, Patxi Zubizarreta izanen da irakaslea, Idazketa irakurketatik abiatuta leloarekin. Azaroaren 25ean, azkenik, Aritz Gorrotxategik Poesia eta sormena lantzen tailerra eskainiko du. Izena emateko epea sarri zabalduko dute.

Gazteentzako Zirriborroa Donezteben

Zirriborroa egonaldi bat izanen da. Gazteei idazketa baliabideak eskaintzeko xedearekin, lau egunetako egitaraua osatu dute. Urriaren 12tik 15era gauzatuko da, Donezteben. Yolanda Arrieta, Oier Guillan, Jon Alonso, Oihana Arana eta Yurre Ugarte ariko dira irakasle lanetan.

Antolatzaileak EIE eta Zirriborroidazten ekimena dira. Nafarroako Gazteria Departamentuaren laguntza jaso dute. Egonaldiari buruzko informazio gehiago, hemen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!