Osasuna

Horrela, nekez

Juan Kruz Lakasta Zubero 2023ko ira. 18a, 07:20

Iker Muñoz, lehen taldearekin sarturiko lehen gola ospatzen. (Argazkia. Osasuna)

Osasunak 3-2 galdu zuen atzo Getaferen aurka, Alfonso Perez futbol zelaian. Porrrot horren ondotik, gorritxoak hamabigarrenak dira sailkapenean, sei punturekin. 

Alfonso Perez futbol zelaian puntuak urratzea nekeza da. Defentsan, eta bereziki geldikako jokaldietan, horren biguinak izanda, ezinezkoa. Getafek buruz egin zizkion hiru golak Osasunari. Horietako bi, kornerretan.

Hasieran Osasuna gehiago izan zen. Alta, eraginkortasun handiagoz, Bordalasen taldea bi aldiz aurreratu zen markagailuan, eta beste horrenbestetan berdindu zuen Osasunak, Budimirrek, penaltiz, eta Iker Muñozen, korner batean, sarturiko golei esker. Haatik, 86. minutuan Maksimovicek hirugarrena sartu zuen, beste behin ere korner batean.

Muñozek partidu bikaina egin zuen, baina aurkako goletako batean markan huts egin zuen. Herrando ere txukun aritu zen, baina berak ere kale egin zuen kontrako goletako batean. Agian eskarmenturik eza sumatu zitzaien. Apika horixe da jokalari gazteekin jokatzeagatik ordaintzen den prezio garestia.

Jagoba Arrasate haserre azaldu zen, norgehiagokaren amaieran: “Ongi jokatu dugu, baina gaizki lehiatu gara”. Ez da laburpen txarra.

Jokalariek gaur entrenamendua izanen dute Taxoaren. Bihar, jai. Larunbatean laurak eta laurdenetan, Sevillaren aurka jokatuko dute, Sadarren.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!