Euskalerria Irratiak podcasten aldeko apustua eginen du denboraldi honetan

Euskalerria Irratia 2023ko ira. 16a, 10:23

Euskalerria Irratiaren 2023-2024 irrati urteko lan taldea, Irrintzi Dorreko estudio nagusian. (Argazkia: Leire Akarregi)
  • Irrati urtea astelehenean, hilaren 18arekin, abiatuko dute, albistegiak eta arratsaldeko magazina indartuta. Azaroaren 7an, irratiak 35 urte beteko ditu eta hainbat ekimen gauzatuko  dituzte urteurrena ospatzeko.
  • Bideo formatuan bi podcast zabalduko ditu: batetik, Ion Celestino eta Amets Aznarez musikariena; bestetik, Albina Stardust eta Divina Comedia drag queenen gibelean dauden Eneko Garcia eta Danel Pascual artistek egindakoa.

Bi bideo podcast

Joan den denboraldian, Euskalerria Irratiak jauzi digitala egin zuen, besteak beste, estudioan kamera adimentsu sistema instalatuz. Denboraldi honetan, sistema hori baliatuz bi podcast bideo formatuan ekoiztuko ditu. Eta urriaren 2tik aurrera plazaratuko ditu.  

Ion Celestino eta Amets Aznarez musikariek Irratiak ordaintzen digu trena saioa eginen dute, musika eta umorea uztartuz. Celestino eta Aznarez, besteak beste, Broken Brothes taldean aritzen dira. Olaia Inziarte izanen da haien lehen gonbidatua.

Albina Stardust eta Divina Comedia drag queenen gibelean dauden Eneko Garcia eta Danel Pascual artistek, berriz, Flop Kultura podcasta eginen dute. Haien asmoa nazioarteko zein Euskal Herriko pop kultura aldarrikatzea da.

Hiru audio podcast

Irudirik gabe, audio formatu hutsean, beste podcast bat sortuko du irrati iruindarrak: Zertarako hau ikasi? Nafarroako Unibertsitate Publikoko Historia masterreko bost historialari gaztek eginen dute: Irune Bueno Delgadok, Irati Garcia Etxeondok, Olaia Garcia de Amezaga Lizarragak, Edurne Turrillas Buenok eta Irati Zurbano Zuazuk, hain zuzen ere.

Horretaz gain, Euskalerria Irratiak, auzolanean, beste bi podcast ekoiztuko ditu: Laba elkartearekin auzolanean, Ongi egiten dugu Iruñekoak izateko, Iker Tubiak eta Yasmine Khris Maansrik aurkeztua; eta Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialarekin batera, Konpainia karrikako amesgaiztoa, Santi Leonek eta Jaume Gelabertek gidatua.

Albistegiak eta arratsaldea, indartuta

Irrati emisioei dagokienez, albistegiak eta arratsaldea indartuko ditu Euskalerria Irratiak. Irrati urte berria astelehenean, hilaren 18arekin, abiatuko dute. Eszedentzia luze baten ondotik, Maialen Huarte irratira itzuliko da, goizeko albistegia zuzentzeko. Haritz Pascualek gidatuko du eguerdikoa.

Miren Mindegia kazetaria ere Irrintzi Dorreko irratian lanean hasiko da, arratsaldez, Reyes Ilintxetarekin batera Irrintzi Plaza saioa egiteko, iragarri dutenez, betaurreko moreak jantzita. Goizeko magazina, Metropoli Forala, Pello Argiñarenak eta Juan Kruz Lakastak eginen dute. Bidane Belokik gidatuko ditu euskalerriairratia.eus webgunea eta sare sozialak.

35. urteurrena

Azaroaren 7an, 35 urte eginen ditu Euskalerria Irratiak. Urteurrena ospatzeko hainbat ekimen prestatzen ari dira. Atzera begira, Eusko Kultur Fundazioarekin batera, irratiaren fonoteka digitalizatuko dute; eta, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Historia departamentuarekin auzolanean, irratiaren agiri historikoak sailkatu eta artxibatuko dituzte. Aurrera begira, azaroaren 7aren inguruan urteurren festa eginen dute, zuzeneko musika eta guzti. Eta azaroaren zazpitik aurrera hainbat irratsaio eginen dituzte Iruñerrian zein Nafarroa osoan zehar.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!