Urtebete murriztu diote zigorra talde bortxaketan parte hartu zuen erasotzaileetako bati

Euskalerria Irratia 2023ko ira. 13a, 08:28

>Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak urtebete murriztu du, 2016ko sanferminetan, talde bortxaketa egin zuten gizonetako bati, ‘Soilik bai da bai’ legearen karietara.

>Erabakiak zatiketa eragin du epaileen artean: Joaquin Galvezek eta Javier Fernandez Urzainkik egin dute kondena egokitzearen alde, Esther Erizek ordez, irizpide horien kontra egin du.

Aretoko bi epailek, Joaquin Galvek eta Javier Fernandez Urzainkik zigorra 15 urtetik 14ra jaistearen alde egin dute. Argudiatuz aurreko legearekin Angel Bozari zigor minimotik hurbil zegoen zigorraldia ezarri zitzaiola, eta hartara lege berriarekin hori bera egin behar dela. Aretoko hirugarren epaileak, Indarkeria Matxistan aditua den Esther Erizek, aldiz, irizpide horren kontra egin du, azalduz ezin dela aplikatu besterik gabe proportzionaltasun aritmetikoa. Horretaz gain, Auzitegi Gorenak gertakarien larritasuna nabarmendu zuela bere ebazpenean.

Bere garaian, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko epaileek abusutzat jo eta zigortu zutela, eta ez bortxaketatzat, auzi hau. Herritarren protesta jendetsuen ondotik, Espainiako Auzitegi Gorenak ebazpen hori zuzendu egin zuen.

Helegitea aurkeztuko du biktimaren abokatuak

Zigor murrizte honi helegiteak jarriko dizkiete. Izan ere, biktimaren abokatuak dagoeneko errekurtsoa aurkeztuko dutela iragarri du. Horretaz gain esan du biktima beste behin ere gutxietsita sentitu dela, prentsaren bitartez jaso duelako zigor murrizketaren berri. Iruñeko Udalak akusazio moduan parte hartu zuen epaiketan. Cristina Ibarrola alkateak esan du helegitea aurkezteko aukera aztertuko dutela. Bidenabar gogor kritikatu du Soilik bai da bai legea, haren alderdikide Javier Esparzak eta Nafarroako PPko Sergio Sayasek egin bezala.

Gainerakoek ezin dute zigorra murrizteko eskatu

Angel Boza da orain arte 2016ko talde bortxaketarengatik zigor murrizketa eskatu duen bakarra. Zuzenbide adituen arabera gainontzeko lau auzipetuek ezin dute halakorik egin, 20 urte baino gehiagoko zigorraldia dutelako, Iruñekoan ez ezik Pozoblancon, Cordoban, Andaluzian, beste bortxaketa batean parte hartu zutela eta.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!