Arratsaldeko zazpi terdietan batzartuko da Batzar Orokor Osagarria eta hor erabakiko da datozen lau urteetarako Iruñerriko Mankomunitateraren lemazaina nor izanen den. Aurreikuspenek diote, gerta daitekeela, independenteen eta EH Bilduren artean konpartitzea presidentetza hori. izan ere, bart akordio programatikoa erdietsi zuten EH Bilduk, Independenteek, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek. Horri esker, David Campion independenteak beste bi urtez presidente izaten segi lezake eta bere ondotik EH Bilduk hartuko luke kargu hori beste bi urtez.
EH Bilduk 16 ordezkari ditu Iruñerriko Mankomunitatearen Batzar Orokorrean. Independente aurrerakoiak 7 dira. Geroa Baik 4 ditu eta Zurekin Nafarroak 3. Hartara, gehiengo osoa ziurtaturik dute 28 botorekin, guztira batzarkideak 54 baitira.