Hirurak bat plataformak gazteak euskal folklorearen bitartez konektatzeko ikuskizuna estreinatuko du

Euskalerria Irratia 2023ko ira. 7a, 14:39

Irailaren 16an, Tafallan, Euroeskualdeko gazteak adierazpen artistikoa baliatuta euskal musika, dantza eta kantuen bitartez harremanak sortzeko ikuskizuna aurkeztuko dute.

Akitania berriko, Gipuzkoako eta Nafarroako ehun gazte inguru bilduko dituen ikuskizuna antolatu du Hirurak bat plataformak. Hiru hizkuntzak ardatz, euskara, frantsesa eta gaztelania, beste hiru hizkuntza artistikoekin uztartzeko, euskal musika, dantzak eta kantak. Nafarroako Abesbatzen Elkarteak, Hiriburuko Leinua dantza taldeak, Oiartzungo Soinueneak eta baita Noaingo Julian Gayarre musika eskolako abesbatzak ere antolatu dute.

Joseba Zabaleta Soinueneako kideak azaldu duenez, pandemiaren eraginez harremanak sortzeko zailtasunak bultzatuta, hauek sortzearen beharra areagotu zen. Hartara, preadoleszentzian dauden gazteei sorkuntza artistikotik harreman berriak sortzeko aukera eskaini nahi izan diete eta horretarako sortu dute ikuskizuna.

Ikuskizun honek Akitania Berriaren, Euskadiren eta Nafarroaren nortasuna indartu nahi du, hizkuntza-harremanen bidez. Bestalde, ikuskizunean Hiriburuko Leinua taldearen dantzez, Oiartzungo Soinueneako musika instrumentalaz eta Noaingo Julian Gayarre musika eskolako musika koralaz gozatu ahal izango dugu.  

Emanaldiak Tafallan, Hiriburun eta Oiartzunen izango dira, hurrenez hurren. Estreinaldia irailaren 16an izango da Tafallako Kulturgunean arratsaldeko 19:00etan. Sarrerak dagoeneko eskuratu daitezke internet bidez eta edozein saiorako sarreraren prezioa 8 eurokoa da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!