Irailaren 21etik 23ra bitartean NIFF Nafarroako nazioarteko filmen jaialdia ospatuko da Civicanen eta zinemagile gazteak izango ditu protagonista. Halaber, jaialdiak Isabel Coixet, Santiago Tabernero, Sandra Hermida eta Anna R. Costa zinemagileen ibilbideak sarituko ditu.
Feminismoa, LGTBI+ kolektiboa, migrazioa, ingurumena edota desgaitasunak dituzten pertsonak ardatzean dituzten filmak lehiatzen dira Nafarroako Zinema Jaialdian. Hala ere, urtero, bestelako gai zehatza aukeratzen dute. Aurten, etorkizuna eta aukera berdintasuna mahai gainean jarri dituzte, gazteen lanari balioa emanez. Horretarako, New Generation kategoria zabaldu dute 18 eta 30 urte bitarteko zinemagileei zuzenduta.
Joaquín Calderón jaialdiko zuzendariak azaldu duenez, belaunaldi berrien begirada zinemaren etorkizuna eta baita gizartearena ere direla aldarrikatu nahi dute. Ehundaka lan jaso dituzte eta hilaren 22an, ostirala, bost finalistak ikusteko aukera egongo da. Gainera, "aukera paregabea" dela azpimarratu du, Nafarroako jaialdia edizio honetatik aurrera Goya sarietarako kalifikatzaile ofiziala baita.
Eta Goya sarietan aldarrikatu zuten moduan, film luzeak alde batera utzi eta film laburren aldeko apustua egin du aurten jaialdiak: "film laburrak ere, zinema dira". Programazio eskaintza zabalagoa izan dadin eta aldarriari heltzeko, baina bestelako berrikuntzak ere egongo dira emanaldien sailkapenean eta programazioan. Iazko edizioarekin alderatuta, generoka multzokatu dira filmak eta gazte kategorian ez ezik, animazioa, fikzioa eta dokumentalak banaka eskainiko dira, halaber, filmen zuzendarien eta ikusleen arteko harremanak sustatzeko xedez.
Guztira 50 film labur baino gehiago ikusteko aukera egongo da eta jarduera guztiak irekiak eta doakoak izango dira. Azkenik, Joaquín Calderón zuzendariak lanen kalitatea goraipatu du eta edonori gerturatzeko gonbita zabaldu dio. Navarra Festival webgunean programazioa eta emanaldien ordutegiak kontsultatu daitezke.