Uda bukaeran, abuztuan, 13 langabe gehiago zenbatu dituzte Nafarroan, aurreko hilabetean baino %0,04 gehiago eta iazko datuekin alderatuta, 1.797 langabe gutxiago daude. Azken hamabi hilabeteetan %5,80 jaitsi da; guztira 29.164 langabe daude Nafarroan.
Bestelako datuei erreparatuta, aurten 5.214 afiliatu gehiago egon dira abuztuan. Kontratazioari dagokionez, 22.768 kontratu egin ziren abuztuan Nafarroan, aurreko hilean baino 2.585 gutxiago (%10,20) eta iazko hil berean baino 4.014 gutxiago (%14,99). Guztira 5.420 kontratu mugagabeak izan ziren, eta gainerakoa, 17.348, aldi baterakoak.
Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubide, Gizarte Ekonomia eta Enpleguko kontseilariak datuen "irakurketa positiboa" egin du. Bere ustez, datuak "lan-erreformak eta Nafarroako Gobernutik azken urteotan ezarri ditugun politikek eragiten dituzten ondorioen emaitza dira". Zehaztu duenez, enplegua "egonkor" mantentzen da Nafarroan udako kontratazioen amaierarekin.