Correosek Nafarroan dituen bulegoetako garbitzaileak greba mugagabean daude uztaileko eta abuztuko nominak, zein aparteko ordainsaria ez ordaintzeagatik. Nafarroako Correosen bulegoetako garbiketa-zerbitzuaren enpresa esleipenduna Limpiezas J. Cordoba da eta abenduaren 15ean haiekin lanean hasi zirenetik, “ez da egon hilabeterik gauzak ongi egon direnik", salatu du Ana Ramos CCOOeko ordezkariak.
Ramosek azaldu duenez, "nominak falta dira, garbiketa materiala ez da nahikoa, uniformeak ere falta dira eta ez dago berdintasun planik", besteak beste. Horren ondorioz, haien eskubideen alde eta kobratu gabe lanean ari zirelako greban daude langileak, eta Nafarroan plantillaren %100 batu da grebara.
Gainera, dagoeneko Nafarroa, Galizia eta Errioxak bat egin dute grebarekin eta estatu mailako greba deialdi bat planteatzen ari dira. Hala ere, gaur bertan bilduko dira sindikatuekin har ditzaketen bestelako neurriak aztertzeko; eta momentuz Correosen erantzunen bat jasotzearen zain, astelehen eta ostegunetan elkarretaratzeak egingo dituzte. Bestalde, langileen eskaera Correosek erantzukizuna bere gain hartzea eta kontratua bertan behera uztea da, orain arte egondako irregulartasunak direla medio. Gainera, langileek azpimarratu dutenez, arazoa konpontzekotan, akordioa erdiesten dutenean, orain arte garbitu gabe dagoena garbitu beharko dute.