M28 udal eta foru hauteskundeak

Ana Ollo, Mikel Irujo, Jose Maria Aierdi eta Fernando Dominguez izango dira Geroa Baiko kontseilariak

Euskalerria Irratia 2023ko abu. 11a, 08:37

Ollok hartuko du bigarren presidenteordetza, Dominguez Osasun kontseilari izango da berriro eta Itziar Gomez gobernutik at geratuko da. Zurekin Nafarroako Begoña Alfaro Etxebizitza kontseilaria izanen da, baita lehendakari ordea ere.

Geroa Bai koalizioaren Batzorde Iraunkorrak aho batez onartu du Nafarroako Gobernuan izango duen ordezkaritza: Ana Ollo, Mikel Irujo, Jose Mari Aierdi eta Fernando Dominguez izendatu dituzte.

Ana Ollo beste behin ere Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria izango da eta kargua estreinatuko du, Nafarroako Gobernuko lehendakari ordea izango da. Bestalde, Mikel Irujok eta Jose Mari Aierdik gobernuan segituko dute, Mikel Irujo Industria, Trantsizio Ekologikoa eta Enpresa Digitala departamentuko kontseilaria izango da eta Jose Mari Aierdi Landa eta Ingurumen Garapen arloaz arduratuko da. Azkenik, Geroa Baik Fernando Dominguez izendatu du Osasunaren ardura hartzeko, 2015eko legealdian egin zuen bezala, eta beraz, Itziar Gomez gobernutik at geratuko da.

Izendatutako lau pertsonen profil profesionala eta ibilbide politikoa goraipatu ditu Geroa Baik, "Nafarroak aurre egin behar dien erronka handiei zorrotz eta arduraz" helduko dietela nabarmendu du. Hala nola "osasun publikoa berrindartzea, trantsizio ekologiko, energetiko eta digitalari aurre egitea, aniztasuna aitortzeko politika publikoei aurre egitea eta bizikidetzaren aldeko apustua egitea", azaldu dute.

Bestalde, lehendik jakina zen Zurekin Nafarroako Begoña Alfaro Etxebizitza kontseilaria izanen dela, baita lehendakari ordea ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!