Volkswagen Nafarroak ez du bateria lantegirik izango

Euskalerria Irratia 2023ko abu. 10a, 08:34

Hyundaik bateriak hornituko dizkio VW Nafarroari, bi multinazionalek erdietsitako akordioaren arabera. Enpresa batzordeak erabakia gaitzetsi eta iragarpenik jaso ez izana salatu du. 

Volkswagenek ez du bateria fabrikarik izango. Alemaniako enpresa eta Hyundairen arteko akordio batek bateria fabrika Landabengo industriagunetik urrundu du eta oraindik zehaztu ez badute ere, ziurrenik, Imarkoainen, Garraio Hirian, eraikiko dute. 

Auto elektrikoak eraikitzeko beharrezkoa den bateria produzituko du Hyundaik; eta Volkswageneko autoak hornituko ditu. Hasiera batean, Volkswagenek berak produzitu behar zituen eta Landabengo gunea handitu behar zuten. Hartara, haserrea adierazi du Nafarroako Volkswageneko batzordeak. Alfredo Morales Landabengo UGTko batzordeko presidenteak azaldu duenez, Alemaniako taldeak, edozein iragarpen egin aurretik, lantegiaren inguruko azken erabakiaren berri emateko konpromisoa zuen eta ez diete zuzenean jakinarazi. Era berean, sindikatuek uste dute prozesua azpikontratatzeak lehiakortasuna kentzen diola Nafarroako Volkswageni eta gainera, 300 euroko gainkostua gehitzen duela auto bakoitzeko.

Volkswagen Nafarroak albisteak ezustekoan harrapatu dituela adierazi du eta multinazionalaren berri jasotzearen zain jarraitzen dute; hala ere, oraindik ez dute inbertsioa guztiz galdutzat ematen. Bere aldetik, Hyundaik 200 milioi euro inbertituko dituztela eta 200 bat lanpostu sortuko dituztela iragarri du. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!