Alerta laranja Nafarroan muturreko beroagatik

Euskalerria Irratia 2023ko abu. 8a, 09:46

Baso suteen arrisku handia iragarri du Aemetek eta 40 gradu inguru egingo ditu asteazkenean. Beroari aurre egiteko neurriak proposatu ditu Iruñeko Udalak.

Aemetek 40 graduko gehienezko tenperatura iragarri du asteazken honetarako, eguerdiko 12:00etan 37 graduak gaindituko ditu Iruñerriak eta goizaldera arte ez du freskatuko. Alerta laranja ezarri dute Nafarroan egunotan beroagatik eta baso-suteen arrisku larria iragarri dute. 

Foru Erkidegoan ez ezik, EAEn eta estatu osoan zehar bero olatua izanen da gaurtik hasita eta muturreko tenperaturekin bihar, asteazkenean. Erdialdean eta Erriberan 40 graduen inguruan egongo gara, kantauriar isurialdean, berriz, 36 gradutan eta Pirinioetan 35 gradutan. 

Prebentzio neurriak

Tenperatura altuei aurre egiteko hainbat gomendio eta neurri zabaldu ditu Iruñeko Udalak. Etxean leihoak itxi kanpoko tenperatura barrukoa baino altuagoa bada eta gauean zabaldu; pertsianak jaitsi eguzkiak jotzen duenean; sarri dutxatu edo buzti gorputza; erabili haizagailuak edo bestelako hozte-sistemaren bat; edan litro eta erdi ur egunean, gutxienez; eta ohi bezala elikatu eta ez edan alkoholik.

Kalean, berriz, ez irten eta ez egin kirolik bero handieneko orduetan (12:00etatik 16:00etara) eta etxetik irten behar baduzu, jantzi arropa argia eta zabala. Ur botila bat eraman eta eguzkitako betaurrekoak hartu eta krema eman.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!