Maiatzaren 29tik ezagutzen du PSNk koalizio gobernua berriro egiteko Geroa Bairen proposamena. Nafarroan aldaketa hasi zenetik eta azken urteetan “Geroa Baik jardun dituen alorren kudeaketa mantentzea ez beste ezer bilatzen duen proposamena” nahi dute. Maria Solanak gaineratu duenez, zenbait kasutan kudeaketa horrek nazioarteko errekonozimenduak jaso ditu etxebizitza politika publikoei dagokionez edo Europa mailako harremanetan ekonomia sozialaren alorrean, Nafarroa erreferente bilakatuz.
Horren aurrean aste honetan PSNk egindako proposamena, “oro har, Geroa Bai umiliatzeko saiakera ulertezina dela uste dugu, Gobernu aurrerakoi eta plural bat eratzeko ezinbesteko kide izaten jarraitzen dugun arren, gaurkoz, bederen”. Hutesontzien auzia jarri du mahai gainean berriz ere Maria Solanak eta aitortu du “botere organiko eta ekonomikoa sozialisten eskuetan metatzen saiatzeko ahalegina okerra” dela, herritarrek ez baitiote “ordezkaritza hori eman hautes ontzietan”.
Zentzurik gabeko eskaintza eta kontraeskaintzekin egungo gobernukideak eta iritzi publikoa mareatzen ari direla salatu du Maria Solana Geroa Baiko bozeramaileak, hala, akordioa ixtea luzatzen ari direlarik. Alzorrizen iradokizunei erantzunda Solanak adierazi du, “Nafarroan eskuinari ateak ireki dizkion bakarra PSN izan da”. Horregatik hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuari buruzko bere jarrera tinko mantenduko du Geroa Baik.
EH Bilduren jarrera gako
Bestelako eskaera ere egiten dio Geroa Baik EH Bilduri Nafarroako Gobernu aurrerakoi eta plurala eskatzeko orduan, gogorarazi dio “ez dela nahikoa baldintzarik gabeko baiezkoa ematea” eskuinari ateak ixteko. Hauteskundeetan eskuratu duten erantzukizuna har dezaten adierazi die eta “Txibiteri baiezko botoa ematea ez da nahikoa politika publikoen kudeaketa modu pluralean elkarbanatzeko sozialisten aldetik ez badago benetako konpromisorik”.
Azkenik ekainaren 17an PSNk Iruñean, Lizarran edota Egüesibarren mesedetu zuen udal mapak “zuzenketa bat merezi du, erakundeetako mekaniak ahalbidetzen duen unean eginez, zentsura mozioen bitartez eta Geroa Bairen aldeko jarrerarekin”.