114 langabe gutxiago uztailean Nafarroan eta azken urtean % 7,28 jaitsi da langabezia

Euskalerria Irratia 2023ko abu. 2a, 10:25

Langabeziak behera egin du ia jarduera-sektore guztietan. Azken hamabi hilabeteko datuei erreparatuta, 2.289 langabe gutxiago daude Nafarroan.

Uztailean 114 langabe gutxiago erregistratu dira Nafarroako enplegu-zerbitzu publikoen bulegoetan, aurreko hilabetean baino % 0,39 gutxiago; guztira 29.151 langabe daude. Azken hamabi hilabeteko datuei erreparatuta, 2.289 langabe gutxiago daude Nafarroan, % 7,28 jaitsi da langabezia tasa. Gainera, langabeziak behera egin du jarduera-sektore guztietan, industrian izan ezik, 39 langabe gehiago baitaude.  
Nafarroako datuei zehazki erreparatuta, 11.192 gizon daude langabezian eta berriz, 17.959 emakume. 25 urtetik beherakoen artean, 1.291 gizonezkoak dira eta 1.250 emakumezkoak. Gainerako adinetan, 9.901 gizon daude langabezian, 16.709 emakumeren aldean.
Azkenik, kontratazioari dagokionez, uztailean 25.353 kontratu egin ziren Nafarroan, aurreko hilean baino 2.031 gutxiago eta duela urtebete baino 2.511 gutxiago. Kontratu guztietatik 20.664 aldi baterakoak dira eta 4.689 mugagabeak.
Estatu mailan, uztailean 10.968 langabe gutxiago egon dira, aurreko hilabetean baino % 0,41 gutxiago, segidan emandako bost hilabeteko jaitsierarekin. 2008ko irailetik izandako kopururik txikiena da aurten erregistratutako langabeen kopurua.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!