LGTBI komunitateak Iruñeko karrikak hartu ditu "faxismoaren eta gorrotoaren aurka"

Euskalerria Irratia 2023ko eka. 29a, 08:34
LGTBI Komunitatearen martxaren amaiera, GAzteluko Plazan. (Argazkia: Jabi Arakama).

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak LGTBI zerbiztuan egindako murrizketak salatu dituzte

LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunean, 2.000 lagun inguru elkartu ziren atzo Iruñeko harrotasunaren martxan. Protesta Baluarte plazatik abiatu zen eta Gazteluko plazan amaitu. Buruan zabalduriko pankartaren lelo nagusia gaztelaniaz zetorren: “Transbibollomaricas en lucha” (Transbibollomarikak borrokan). Azpian, euskarazko mezua irakur zitekeen: “Zisheteropatriarklatua akatu”.

Nolanahi ere, martxan baziren beste pankarta eta afixa asko, eta horietako hainbatetan Nafarroako Berdintasunerako Institutuak LGTBI zerbitzuan, Kattalingunen, egindako murrizketen aurkako mezuak irakur zitezkeen: “INAI LGTBI zerbitzua akabatzen ari da”, “PSN eta Ahal Dugu errudun”, “Egiten ari zaretena zabarkeria hutsa da”.

E28 Plataformako eledunek kazetarien aitzinean azaldu zutenez, ez daude presio zahar eta berrien aitzinean amore emateko prest: “Aldarrikatu nahi dugu kaleak gureak ere badirela, bizitza duinak edukitzeko eskubidea daukagula, indarkeriarik gabeak, eta faxismoak eta gorroto diskurtsoek gora eginagatik ere guk ez diogula utziko gure eskubideak aldarrikatzeari”. Kattalingune zerbitzuarekin gertaturikoa ere kritikatu zuten: “Ezin ditugu ulertu ez ezkutuko murrizketak ezta PSNren eta Ahal Duguren politika ere”. “Ez dira doikuntzak baizik eta murrizketak hizki larriz, eta LGTBI fobia instituzionalaren adierazletzat hartzen ditugu. Gobernu berriari eskatzen diogu gurekin hitz egitera eser dadila”, gaineratu zuten.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!