Uztailaren 7ko ostalaritzako greba bertan behera utzi dute

Euskalerria Irratia 2023ko eka. 23a, 07:45

Ostalaritzako langileen maiatzaren 18ko elkarretaratzea (Argazkia: UGT)

UGTk eta CCOOk lan hitzarmen aurreakordioa sinatu dute patronalarekin. ELAk eta LABek ez dute bat egin.

Ostalaritzaren sektorean gehiengoa osatzen duten UGT eta CCOO sindikatuek lan hitzarmen aurreakordioa sinatu dute patronalarekin. UGT sindikatuak prentsa ohar baten bitartez jakinarazi duenez, aurreakordio horrek atzera begirako eragina izanen du, eta %4ko soldata igoera finkatzen du 2022rako, %4koa 2023rako, %3koa 2024rako eta %3koa 2025erako. Baldin eta lau urteotan azkenean Kontsumorako Prezioen (KPI) Indizea egiazki %14 baino gehiago hazten bada, akordioa berrikusiko da, eta %17ra arteko igoera egin liteke.

Soldata igoeraz landara, UGTk, CCOOk eta patronalak fitxaketa elektronikoa egiteko sistema baten ezarpena  adostu dute, ordaindu gabeko aparteko orduen aurkako neurri moduan. Horretaz gain, kategoria langileak sektorean duen antzinakotasunaren arabera kalkulatuko da, tartean enpresa aldaketak izanagatik ere.

ELA eta LAB, kontra

ELA eta LAB sindikatuek akordioa kritikatu dute, haien aburuz ez duelako KPIaren egiazko igoera bermatzen. “Patronalak aitortu du langileen mobilizazioak eraman dituena haien jarrera gotortua aldatzera. Oraindik denbora eta edukia falta zen akordio on batera iritsi ahal izateko”, salatu du LABek prentsa ohar baten bitartez.

“Arazoa da akordioak ez duela KPIaren araberako igoera bermatzen; izan ere, datozen urteotan KPIaren igoeran %17a gainditzen badu, soldatak ez dira neurri berean igoko”, gaineratu du sindikatuak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!